Nuevo Instituto Oncológico de kutxa

onkologikoa

TEKNOLOGIA BERRIAK

Onkologikoaren lehentasunetako bat minbizia detektatzeko teknika berrien ikerketan eta garapenean erreferentzia izatea da. Horregatik, zentroak lau mamografo digital ditu, lau diagnostiko-estaziorekin osatzen direnak; eta baita CD-robot bat ere, krioterapia-teknika berriak aplikatzeko. Gainera, Onkologikoak erresonantzia magnetikoko unitate moderno bat ere izango du, lau ebakuntza-gela inteligente eta hamabi postu anbulatorio kimioterapiarako.

Baina Tomoterapia Helikoidala egiteko azeleragailu bat eskuratu izana da Onkologikoaren ekipamendu teknologikoaren barruan osagairik garrantzitsuena, minbizia tratatzeko gaur egungo teknologiarik aurreratuenaren adierazgarri baita. Tomotherapy Hi-Art izeneko azeleragailu berria, AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateak garatu du eta erradiazioen bidez egindako minbiziaren tratamenduan bizi dugun garai berriaren isla ezin hobea da, tumore askotan tratamenduen ezaugarriak aldatu eta hobetuko dituelako. Ekipamendu hori hirugarrena da Estatu espainolean eta hamabosgarrena Europan, eta tresna horrekin, mundu osoan tratamendu hori eskaintzen duten zentro mediko aitzindarien taldean sartzen da Onkologikoa.

Halaber, Onkologikoak baditu goi-energiako bi azeleragailu lineal eta kardiologia nuklearrerako hiru Gammakamera ere.

Onkologikoak zazpi espezialitate ditu: Bularra, Ginekologia, Larruazala, Digestiboa, ORL (burua, lepoa eta tiroidea), Urologia eta Onkohematologia + Birikak. Unitate guztiak diziplina anitzekoak dira, eta beraz, espezialista onkologoek, kirurgialariek, erradiologoek eta psikologoek osatzen dituzte. Gaixo bakoitza dagokion unitate funtzionalera bideratzen da: bertan egiten da gaixoaren azterketa eta bertan proposatzen zaio plan terapeutiko oso eta espezifikoa.

Ekipamendu teknologikorik aurreratuena erabiltzeaz gain, Onkologikoak gaixotasun kantzerigenoen inguruko ikerketa bultzatzearen aldeko apustu ere egiten du, bularreko minbiziaren tratamenduari hurbilpen terapeutiko berriak egiten dizkioten ikerketa-proiektuak sustatuz, zelula amen biologiari buruzko azken aurkikuntzetan oinarritutako balizko terapia berrietan lan egiten duten eta sendatzeko tratamendu alternatiboak bilatzera zuzenduta dauden ikerketak, hain zuzen ere.