MINBIZIA TRATATZEKO ETA HARI AURREA HARTZEKO XXI. MENDEKO OSPITALE-AZPIEGITURA NAGUSIA BIHURTZEKO HELBURUAREKIN JAIO DA ONKOLOGIKOA
Joan den XX. mendean zehar kutxaren Gizarte Ekintza zen Donostiako Institutu Onkologikoa minbiziaren tratamenduan eta prebentzioan erreferentziako zentroetako bat bihurtu bazen Estatuan, oraingo Onkologikoa aurreko haren erabateko hobekuntzatik jaio da, XXI. menderako gure inguruko ospitale-azpiegitura garrantzitsuenetako bat bihurtzeko helburuarekin.
Gure gizartean minbiziak gero eta eragin handiagoa izateak, gaixotasun hauei aurre egiteko medikuntzako metodo berriak agertzeak, eta, bereziki, lan onkologikoan teknologia berriak erabiltzeko premia eta behar gero eta handiagoak bultzatu zuten kutxa, duela lau urte, Institutu Onkologikoarentzat egoitza berri bat eraikitzeko konpromisoa bere gain hartzera. Kutxaren Gizarte Ekintzak 60 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu osasunaren eta gizarte-laguntzaren arloko ekimen aitzindari honetan. Kutxak tinko sustatzen duen proiektua da hau, egiten duen lanaren garrantziagatik, gizarte gipuzkoarrak estimu berezian duen lanagatik hain zuzen ere. Izan ere, Gipuzkoari mesede egiteaz gain, lan horrek duen eragina oso lagungarria gertatzen baitzaie Euskadiko eta Euskaditik kanpoko beste lurralde batzuei ere.
Onkologikoa begirapuntua izango da nazio-mailan eta nazioarte-mailan minbiziaren aurkako borrokan, eta egungo Institutu Onkologikoak minbiziaren tratamenduan eta prebentzioan zentro monografiko gisa egin duen lanarekin jarraituko du. Goraipatua izan den lan bikain horrek jarri du, hain zuzen ere, nazio eta nazioarte mailako abangoardian minbiziaren aurkako borrokari dagokionez.
Izan ere, azken urteotan egin den lana era esponentzialean haziz joan da, eta egun 60.000 gaixo baino gehiago dira urtero zentroan artatu eta tratatzen direnak.
Onkologikoa, beraz, Institutu Onkologikoaren eboluzioaren emaitza da, eta erreferentziako zentro mediko horrek aurrez aurre begiratu nahi dio XXI. mendeari azpiegitura berri honekin. Lekuz aldatu arren, urte hauetan guztietan Institutu Onkologikoaren oinarri izan diren balio eta zerbitzu guztiei eusten die, horrek bihurtu baitu kutxaren Gizarte Ekintzaren atal garrantzitsu, batetik, eta osasunaren arloan egiten duen lan bikainaren egiazko ikur, bestetik.