Nuevo Instituto Oncológico de kutxa

onkologikoa

HISTORIA

Institutu Onkologikoa kutxaren Gizarte Ekintzaren proiektu nagusietako bat da, eta Gipuzkoako gizarteak gehien baloratzen duena. 1928an abiatu zen, 1933an Gipuzkoako Institutu Erradio-Kirurgikoaren fundazioa sortuko zuen zentroarekin. Ekimen horretan partaide izan zen orduko Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Bi erakunde horien arteko lankidetza mezenasgo bihurtu zen 1952an, kutxak bere gain hartu zuenean Institutuaren mantenua eta kudeaketa.

Esan daiteke Institutu Onkologikoko medikuntza nuklearreko zerbitzuaren historiak islatzen duela, funtsean, medikuntza nuklearraren beraren historia. Izan ere, beste espezialitateetatik zetozen eta isotopo erradiaktiboekin lanean hasi ziren medikuekin hasi baitzen medikuntza nuklearra. Geroago iritsi ziren erradiologo gisa lanean hasi ziren medikuen taldeak, eta gaur egun, medikuntza nuklearreko espezialista garrantzitsuekin lan egiten da.

Hauek dira Institutu Onkologikoaren historian garrantzitsuak diren data batzuk: 1954an, sinatu zen lehen lankidetza-hitzarmena Gizarte Segurantzarekin; 1963an, lehen kobalto-bonba inauguratu zen; 1974an, eraikina handitu zuten, erradiofisikako zerbitzua sortu zuten eta erradioterapia-zerbitzua eguneratu; 1976an bularreko eta uteroko tumoreak garaiz diagnostikatzeko lehenengo kanpaina izan zen, eta eskanikamera bat jarri zuten Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuan; 1978. urtean, elkarlan-hitzarmen berria sinatu zuten Insaludekin (Osakidetzak bere gain hartu zuen hitzarmena 1988an); 1989an, Kirurgia Ondoko Bizkorketa Unitatea sortu zuten eta, 1991n lehenengo azeleragailu lineala instalatu zuten.

1993. urtean, Institutu Onkologikoak zerbitzuen dinamika funtzionala goitik behera aldatzeari ekin zion, gaixo guztiei diziplina anitzeko arreta emateko helburuarekin, eta aldaketa-prozesu horren ondorioz Unitate Funtzionalak sortu zituen.

Joan den mendeko azken hamarkadan, eta betiere kutxaren Gizarte Ekintzak lagunduta, Institutu Onkologikoak bere lana minbiziaren prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan garatzeko etengabe modernizatzeko prozesu bati ekin zion, eta horrek Estatuko zentro aitzindarietako bat bihurtu zuen gaixotasun onkologikoen tratamenduan.

Urteak igaro ahala zentroa hazten joan da, eta hazkunde horrek arlo guztietan izan du bere isla: eskaintzen diren zerbitzuen, ospitale-tratamenduen, tratamendu anbulatorioen eta diagnostiko goiztiarraren kopuruan, eta, noski, gaixoen kopuruan ere bai.