Onkologikoaren kokaleku berriak, Donostiako ospitale-aldearen ondoan, erosotasun eta konfort handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei eta gaixoen senitartekoei, eta kokapen berriari esker lekualdaketak ahalik eta gehien saihestuko dira, gertu dagoen ospitale-konplexuarekiko sinergiak baliatuz. Eraikin berriak irispide gehiago eta hobeak ditu errepidez, eta horrela, errazagoa da garraio publikoa erabiliz bertara iristea.Gainera, Miramon Zentro Teknologikotik eta inguruko ikerketa-zentroetatik hurbil egotea ere balio erantsia da osasun-zentroarentzat.
Onkologikoa, 8.700 metro koadroko lurzoruan dago kokatua eta 23.600 metro koadroko azalera eraikiarekin, tonu urdin desberdinetako altxaera tradizional baten gainean jarritako beirazko fatxada bikoitza du. Konbinazio horri esker, aldaketa meteorologikoak islatuta agertuko dira bertan, bere itxura eguneko argiaren eta zeruaren kolorearen arabera aldatzen duen gune dinamiko bihurtuz eraikina. Eraikin osoak arkitektura jasangarriko irizpideak errespetatzen ditu, barnealdea babesten baitu eta girotzeko energia-kontsumoa murrizten. Funtsean, eraikin osoa guztiz argitsua da, eta barruan egiten den jarduna —bereziki, gaixotasun kantzerigenoen aurkako borrokaren inguruko tratamenduarekin, ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotutakoa— islaraztea bilatzen da horrekin.
Onkologikoaren egituraren diseinua erabiltzaileek planteatu dute erabiltzaileentzat, gaixoen eta senitartekoen egonaldia ahalik eta atsegina izan dadin, eta talde profesionalen lana arinagoa.
Ospitale-eraikin bat izateko baldintzaren gainean oinarritzen da aukeratu den arkitektura-diseinua, eta baita gaixoek bertan egingo dituzten behin-behineko egonaldiak kontuan hartuta ere. Horregatik, egonaldi horiek ahalik eta erosoenak izatea lortu nahi da, eta helburu horrekin, gune guztiak eremu oso sinple gisa planteatu dira, eta bertan argi naturalak, materialen kalitate eta kolorearen jokoak, eta giroaren inpresio baketsuek, sentsazio lasaiak, xumeak eta argiak sortarazten dituzte.
Bestalde, medikuek, erizainek eta zentroko langileek erabil ditzaten prestatutako eremuek, helburu dituzten funtzioak behar bezala betetzeaz gain, lana errazten duten baldintzak dituzte, zabaltasuna, argia, garbitasuna eta aireztapenari dagokionean.
Onkologikoaren sarrerako eremuan, barruko kale oso zabal bat irekitzen da, etorbide dinamiko bat balitz bezala, eta bertan daude harrera-zerbitzua, kafetegia eta entzundegia. Zona honetan dauden sarbideetatik eraikinari argi izugarria ematen dioten bi patioetara iristen da. Patio horiei esker dute argi naturala gela guztiek.
Beheko solairuan daude kanpo-kontsultak, bularretako unitatea, eta erresonantzia magnetikoa.
Zentroaren lehen solairuan daude azken belaunaldiko lau ebakuntza-gela inteligente, eta baita anatomia patologikoko eta endoskopien sekzioak, eguneko ospitalea, laborategia eta botika.
Bigarren solairua gaixoen ospitaleratzeari eskainita dago, eta 52 gela eta 104 ohe daude bertan. Gainera, kimioterapiako 12 postu anbulatorio daude, eta goi-energiako hiru azeleragailu lineal.
Sotoko lehen solairuan, logistikako zerbitzuak egoteaz gain, sekzio hauek daude: erradiologia, medikuntza nuklearra, erradioterapia eta gammakamera.
Sotoko bigarren solairu osoa aparkalekuari eskainita dago, eta 183 ibilgailurentzat lekua dago bertan.