Hauxe gure eskaintza
EKOLIDERRAK. Jasangarritasunean liderrak eratzeko programa
kutxak sustatu eta diruz lagundutako ekimen aitzindaria, Rockefeller Fundazioaren LEAD proiektuan inspiratua.
Ekoliderrak proiektuaren helburua, gazteak ingurumenaren jasangarritasunerako bidean liderrak izateko prestatzea eta bide horretan lehiatsu jokatuz, beren gaitasunak garatzeko tresnak ematea da. Rockefeller Fundazioaren LEAD ekimenean oinarritua dagoen programa interesgarri hau kutxak orain eta hemen jarri du martxan, eta aitzindaria da Estatu mailan.
Hiru fasetan garatzeko diseinatua dagoen programa bat da:
- lehen fasea prestakuntzakoa izango litzateke, entrenamenduko fase bat bezala ulertuta: aukeratutako gazteek prestakuntza-aldi bat egingo dute ingurumenaren jasangarritasunari eta lidergoari buruz trebatzeko.
- bigarren fasea, berriz, jarduketakoa izango litzateke: fase honetan, entrenamenduan ikasitako kontzeptuak praktikan jartzen saiatuko dira. Parte-hartzaileek proiektu lokal bat garatu eta ezagutzera eman beharko dute aldi honetan.
- eta hirugarren fasean, azkenik, parte-hartzaileok Gazte Ekoliderrak sareko kide aktibo bihurtzea da helburua.
Programa hau, berez, 18 eta 29 urte artekoak izanik, garapen jasangarriari buruz sentsibilizatuak dauden gazteei eta/edo jadanik gizartean edo gazte-proiektu desberdinetan (gazte boluntario, GKE, etab.etan) konprometituak dauden gazteei zuzendua dago.
LIDERGOA ETA GARAPEN JASANGARRIA
Gazte Ekoliderrak proiektuak ekintzara bultzatu nahi du. Lider izatea, guk ulertzen dugun moduan, ikas daitekeen zerbait da. Eta banakako lider izateaz gainera, programa honek lana taldean eta sarean egiteari emango dio garrantzia, lidergo sistemiko edo ekologikoaren barnean.
Ez da ingurumenaren aldeko programa bat bakarrik izango, baizik eta garapen jasangarria dimentsio anitzeko jokabide gisara ulertzen duen eta jardun-eremu ezberdinetan ekintza jasangarriak bultzatzea bilatzen duen proiektu bat izango da.
BEKA BIDEZ SARITUTAKO PRESTAKUNTZA
Prestakuntza hau diruz lagundua dago bere %90ean. Proiektuaren benetako kostua 4.000 eurokoa da, baina prestakuntza-aldirako hautatuak izaten diren parte-hartzaileek 400 euro bakarrik ordaindu beharko dute. Plazak mugatuak dira eta bertan parte hartu nahi dutenek, proiektuaren kalitatea eta prestigioa bermatuko dituen hautapen-prozesu bat gainditu beharko dute.
PRESTAKUNTZA ELEBIDUNA
Prestakuntza hau EAEko bi hizkuntzetan emango da, eta, beraz, beharrezkoa izango da euskara ondo ulertzea. Gutxienez eskola-orduen %80 bertara joanez bete beharko da, eta ezinbesteko baldintza izango da proiektu bat ere taldean lantzea. Ez da eskatuko ikasketa-maila jakinik, baina oso modu positiboan baloratuko dira motibazioa, ingurumenaren jasangarritasunari buruzko gaietan sentsibilizatua egotea eta gizarte-ekimenetan edo gazte-mugimenduetan (gazte boluntario, GKE, etab.etan) parte hartu izatea.
Gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte programan, 12-15 laguneko bi taldetan banatuta. Izena otsailaren 19ra bitartean eman daiteke, eta prestakuntzako proiektuari berari datorren martxoaren 4an ekingo zaio.
PRESTAKUNTZA PRAKTIKO ETA PARTAIDETZAKOA
Programaren edukiak bi talde handitan banatuak daude:
- Garapen jasangarriari buruzko teoriko-praktikoetan,
- lider izateko gaitasunak eta parte hartzearen aldeko jarrerak lortu, garatu eta indartzera zuzendutako edukietan. Gai batzuk nahitaezkoak izango dira, beste batzuk hautazkoak (zerrenda batetik aukeratuak) eta hirugarren batzuk aukera librekoak (parte-hartzaileek berek proposa ditzaketenak).
Guztira 70 ordu izango dira, honela banatuta: hilean bi ostegun martxotik ekainera bitartean; hiru asteburu, eta tutoretza eta aholkularitzako orduak, talde-proiektuak egiteko.
LAGUNTZAILEAK
Gazte Ekoliderrak programak Eusko Ikaskuntzaren eta Cristina Enea Fundazioaren laguntza dauka. Eta prestakuntzan, berriz, gai desberdinetako hainbat unibertsitate-irakasle, erakunde-ordezkari, profesional, elkarte, aditu, aktibista eta mendizalek parte hartuko dute, ingurumenaren jasangarritasuna eta lidergoa oso ikuspegi ezberdinetatik jorratuz.
LEAD PROGRAMAN OINARRITUTA
1991ko urtean Rockefeller Fundazioak LEAD izeneko ekimena (Inspiring Leadership for a Sustainable World - Mundu jasangarriago baterako lidergo berri bat iradokiz) jarri zuen martxan. Ordutik hona kontinente guztietako 2.000 lagun baino gehiago dira, lidergoari eta garapen jasangarriari buruzko prestakuntza-aldi bat egin ondoren, LEAD sareko (LEAD fellows network) kide izatera iritsi direnak. Eta orain Euskadiko errealitatera eta beharretara egokitu nahi da erreferentzia biziki garrantzitsu hori.
“Ekoliderrak” programako bigarren ediziorako prestakuntza-lanak abian
Joan den ekainaren 3an, Gipuzkoako 17 herritako 19tik 29 urtera bitarteko hogeita hamar bat gaztek, 18 alorretakoak formazioz eta lanbidez, kutxak bultzatzen duen “Ekoliderrak” programan parte hartu izanaren diploma jaso zuten. Programaren lehen edizioa joan den martxoan hasi zen, eta 70 orduko prestakuntza-aldia eskaini die gazteei.
kutxaren beka jaso duten gazte hauek bost proiektu landu eta garatu dituzte, martxan jartzeko asmoarekin epe labur eta ertainean. Proiektuetako bik zerikusia dute mugikortasunarekin, eta beste hirurak gizarte-ekonomiaren, kontsumoaren eta komunikazioaren esparruetan kokatzen dira, hurrenez hurren. Denek dute ezaugarri iraunkortasunaren alde lan egitea.
“Ekoliderrak” proiektuaren helburuetako bat sare bat sortzea da, garapen iraunkorraren alde diharduten gazteez osatua, programaren lehen edizioan parte hartu duten eta hurrengo edizioetan parte hartuko duten gazteen proiektu, ideia eta ekimen guztiak lotzeko, asmoa sarea urtez urte pixkanaka handitzea baita.
Hala, “Ekoliderrak” programaren lehen edizioak izan duen harrera ezin hobea ikusita, hasi da dagoeneko kutxako Ingurumen eta Iraunkortasun Saila egitasmoaren bigarren edizioa prestatzen. Udazkenetik aurrera izango da martxan, eta izena emateko epea irailean zabalduko da.
Informazio gehiago:www.ekoliderrak.net eta info@ekoliderrak.net